Orokieta Herri Eskolak, Europako hainbat eskolekin batera, proiektu ezberdinetan parte hartzen du Erasmus + eta Etwinning programen bitartez. LHko ikasleak dira parte hartzen dutenak, eta beste ikastetxeekin batera proiektu ezberdinak garatzen dituzte.
Etwinning proiektuetako bat Months around the year da. Bertan Polonia, Frantzia, Finlandia eta Turkiako beste ikastetxe batzuekin batera, herrialde bakoitzean hilabetero nolako eguraldia egiten duen, zer arropa janzten dugun, zer jaten dugun, zer ospatzen dugun eta beste hainbat kontu elkatrukatzen ditugu. Helburua, ditugun antzekotasunei eta berezitasunei buruz ikastea da.
Talde txikietan, bideokonferentzien bitartez dugu beste eskolekin harremana eta hori da LH2ko ikasleek egin zutena duela egun batzuk. Frantziako ikasleak eta gu eskolatik aritu ginen, baina Polonia eta Turkiako ikasle eta irakasleak etxetik aritu ziren, bertan eskolak itxita daudelako.
Benetan aberasgarria da horrelako proiektuetan parte hartzea eta Europako beste eskolekin elkarlanean aritzea.