Azaroaren 17a eta 18a oso egun ilunak izan ziren baina halere LHko 5. mailakoak bi taldetan banatuta Irungo PLAIAUNDIko EKOETXERA joan ziren. Nola? Trenez: Zarautz-Amara eta Amara-Irun. Izugarrizko bidaia beraiek diotenez.

Egitaraua: 

Talde bat PADURAko hegaztiak ikustera joan zen bitartean, besteak Ekoetxeko aretoan gelditu ziren bertako bideo, maketa eta abar guztiak ezagutzen; Eta gero alderantziz. 

Ibilaldian zehar hegazti asko ikusi zituzten prismatikoekin: ubarroia, arrano arrantzalea, txantxangorria, birigarroa, basahetea, mokozabala, martin arrantzalea, lertxuntxo txikia eta abar luze bat.

Irteera honetan Iñurritzako biotopoan, Anjelekin, ikasitako gauza asko birgogoratu omen zituzten eta arduradunek goraipatu zieten zekiten guztia.

Gainera, ongi etorria, bertan utzitako bi untxiek egin omen zieten. Batzuk, ukitzeko eta jana emateko tentazioa ere izan zuten baina hango arduradunek esan zieten ez egiteko; bertako animaliak ez zirelako.  

Egonaldia bukatu bezain laster, inguruko parke batean bazkaldu zuten eta hango jolaslekuan ibili, osteguneko taldekoak lehorrean eta ostiralekoak hezeagoan, baina berdin gozatu zuten.

Egun ederra EKOSISTEMA proiektuari behin betiko bukaera emateko.