Garaian garaikoa, tokian tokikoa,
ez al da hori zentzuzkoa?
Garaian garaikoa eta ekologikoa,
gu eta gure planeta osasuntsu egoteko.
Abesti hau ere ikasi dugu “Zer jan, hori izan!” proiektuarekin, eta bere hitzak bihotzean daramatzagu. Egia esan, izenak berak asko esaten du.
Hirugarren mailako ikasleok elikadurari buruz ikasi dugu: zer jaten dugun eta horrek gure gorputzean zein osasunean nola eragiten duen. Eta ez hori bakarrik… gure planetan ere bai!
Ikasitakoa ez dugu buruan bakarrik utzi: praktikara jauzi egin eta sukaldera salto egin dugu!
Aste honetan proiektuari bukaera ematen ari gara eta azken ekoizpen gisa, 4. mailako lagunentzat pintxo goxoak prestatu ditugu. Osasuntsuak, askotarikoak eta garaian garaiko produktuekin egindakoak.
Egun hauetan gure sukaldeak ogi txigortuaren usaina izan du; gazta freskoa, menbriloa, fruta eta beste hainbat zapore eder nahastu dira bertan. Amantalak olioz eta tomatez zikindu dira, eta ezpain-ertzetan maionesaren arrasto goxoa geratu zaigu… Poz-pozik elkarbanatu ditugu jaki horiek, irribarre eta kolorez beteriko amantalekin!
Laugarren mailako ikasleek pozarren jan dituzte gure jakiak, eta jasotako balorazioak ezin hobeak izan dira. Pintxoak haientzat ziren, baina guk ere dastatzeko aukera izan dugu —eta ez dugu ezkutatuko— primerakoak zeuden!
Proiektua amaitzear dago, eta argi gelditu zaigu: osasuntsu jateak ez du helburu bakarra. Denok dugulako ardura, eta denok irabazten baitugu: guk, gure lagunek eta gure inguruneak.
Hurrengo astean proiektu berri bati ekingo diogu, gogotsu. Eta argi daukagu: elikaduraren bidetik jarraituko dugu, gurea dena zaintzen!🍅🥬🥔🌶️











