Hona hemen LH6. mailakoek bidali diguten albistea.

Atzo, Ibon Oregi, gure gelakidea den Lur-en aita, izan zen eskolan. Bere esperientzian oinarritu zen, eta nola istripu batek bere bizitza aldatu zuen kontatu zigun. Adi-adi entzun genituen bere azalpen guztiak eta erabat murgildu ginen bere kontakizunean.

Bizitzak kolpe gogor bat eman bazion ere, Ibon gai izan da egoera horri buelta emateko eta erakutsi digu jarrera ezinbesteko osagaia dela aurrera egiteko. Bere indarra eta inguruko babesari esker, amesten jarraitu du eta horretara gonbidatu gintuen bertan ginen guztiok. Ilusioak izan behar ditugu eta horiek betetzeko gogor lan egin behar dugu.

Kirolaria, irakaslea, bidaiaria, bikote, guraso…. horiek ziren Ibonen pasioak istripua izan aurretik eta baten bat alde batera utzi behar izan badu ere, egunero ilusioz jaikitzen da.  Gaur egun, surf egokituan topatu du bizipozetako bat, munduko txapelketaraino iritsi da, 4. postua lortuz bertan.

Ez da erraza izan eta, etorkizunean zer etorriko den ez badaki ere, Ibonek ilusio eta indarra nahikoa ditu berak nahi duena lortzeko.

Mila esker Ibon!

Urtero bezala ere, aste honetan 3., 4., 5. eta 6. mailakoek kirol egokituaren hastapenak jasotzen aritu dira. Beraien larruan bizitzeko eta sentitzeko aukera izan dute eta esperientzia bezala interesgarria eta merezi duena.