Gaur, martxoak 28, Juan Joxe Orbegozo Mujikaren bizitzako azken laneguna da. Eta, zein da bera? Bada, gure Juanjo.
Aiako baserri batean jaioa, zortzi senidetik laugarrena, baserrian pare bat urte lan egin, itsasoan urtebete pasa eta gero, Abendañoko Fabrin lantegian 3 urte eman zituen.
Ondoren, Zarauzko Brigadan hasi zen lanean. Han zegoela, Zarautzera etorri zen bizitzera eta bertan ezkondu zen. Brigadan 23 urte zeramatzala, Orokietan eraikin berria zuen Haur Hezkuntzara etortzeko proposamena egin zioten 2008an.
Berak etorri nahi zuela argi zuen. Umeekin pazientzi handia zuen eta berak uste zuen irakasleek umeekin ondo moldatzen baziren, zergatik ez bera ere?
Horren aldeko hautua egin zuen eta dagoeneko 17 urte eman ditu gurekin.
Guztiontzat arotza, igeltsero, atezain, elektrikari, zaintzaile eta lagun izan da.
Juanjo edozer gauza egiteko gai da: interruptorea eta bonbiloak aldatu, arbelak eta krisketak jarri, altzariak sortu eta egokitu, gelak margotu, zaborrak eta kontainerrak atera, eskolako kanpoaldeak garbitu, pertsianak konpondu… Hori guztia irrifartsu eta hitz goxoak eskainiz egiten du.
Umeek ikusi orduko “Juanjo, Juanjo” hots egiten diote “txokala” egiteko.
Bere esanetan, oso gustura sentitu da Orokietako komunitate osoarekin. Haur, guraso, langile, begirale, garbitzaile, irakasle… Ondo moldatu da guztiekin.
Gaur, guztion artean, agur ekitaldia eskaini diogu HHko patioan. Bertsoak abestu eta une hunkigarriak bizi izan ditugu.
Bazoaz Juanjo, baina hemen zure erraldoia gurekin geldituko da gu zaintzen.
Orain, jubilatzean, badaukazu nahikoa zeregin; emaztearekin kafea hartu eta paseatu, txabolan eta baratzean jardun, bizilagunari eta ilobari lagundu…
Ez zaitugu inoiz ahaztuko.
Zoriontsu izaten jarrai dezazula!
Eskerrik asko, Juanjo!👋🏼🥰🫶🏽