Eskola Kirolaren inguruan galderak egiten dizkiogu geure buruari behin baino gehiagotan. Ziur zuek ere noizbait antzerako zalantzak izan dituzuela: Zer egin dezakegu, genero ikuspegitik, Eskola Kirola hobetzeko? Egun daukagun eredua egokia al da? Talde mistoak bai ala ez? Egokiak dira gaur egun jorratzen diren kirol diziplina hauek? Lehiaketa beharrezkoa da, egokia da? Gure bailaran antolatzen den Eskola Kirola zertan hobetu dezakegu?
Horrelako galderak eten gabe azaleratzen dira, guraso, irakasle zein kirol arloko profesional eta boluntarioen artean, eta, agian, ez dute erantzun zuzenik jasotzen, edo ez dira beti erantzun zuzenak plazaratzen.
Ikasturte honetan gure buruari egiten dizkiogun galdera hauen erantzunen bila hasi gara, Orokietako Kirol Batzordean, eta horretarako, argibide bila, goi mailako bi aditurekin mahai-inguru/hitzaldi bat egin dugu, beraien ikuspegia gurekin partekatu dezaten.
Hizlariak Luix Mari Zulaika eta Ainhoa Azurmendi izan ziren, eta benetan solasaldi interesgarria izan zen.
Mila esker biei saio hau eskaintzeagatik!