Aurreko ikasturtean ere, Orokietako ikasle zein irakasleok, hainbat eTwinning proiektutan parte hartu genuen. ETwinning, Erasmus+ barruan kokatzen den eta Europar Batasunaren baitan dagoen programetako bat da. ETwinning-ek, IKTen bidez, parte hatzaileek beraien arteko ideiak trukatzea eta lankidetza sustatzea bilatzen du eta Europa osoan koordinatzeko, eTwinning-ek Laguntza Zerbitzu Nagusia du, Bruselan.
ETwinning-en inguruko informazio gehiago irakurri nahi baduzu, klikatu hemen
Irakasleen lana aitortzeko eta errekonozimendu moduan, eTwinning-ek baditu hainbat modu, eta horien artean, Kalitate Zigilu Nazionala (KZN) eta Europar Kalitate Zigilua (EKZ) daude. 2019-2020 ikasturtean Orokietan egindako proiektu batek jaso zituen errekonozimenduak eta 2020-2021 ikasturtean, berriz, 4 izan dira, errekonozimendu hau jaso duten proiektuak.
Oso gustura eta harro gaude ikasleek egin duten lanarekin eta ziur gaude, proiektu desberdinen bidez garatzen joan diren konpetentzia eta gaitasunak oso baliagarriak izango zaizkiela etorkizunean ere. Hauek izan dira KZN eta EKZ lortu duten proiektuak:
- “Great Chefs” / Chef handiak
- “Transformation in Education” / Eraldaketa Hezkuntzan
- “Media Literacy and Disinformation Hunters” / Alfabetatze Mediatikoa eta Desinformazioaren Ehiztariak
- “The Miraculous Power of Water” / Uraren Botere Miragarria
“Great Chefs” proiektuaren xedeetako bat kulturartekotasuna lantzea zen. Sukaldaritza baliatuz eta ikasleak “chef” lanetan jarrita, tokian tokiko errezeta tipikoak partekatzeaz gain, Europako beste herrialdeetako ikasle zein irakasleekin harremanak egin genituen. Ikasleen sormena eta ingeleseko komunikazio gaitasuna izan ziren bereziki landutako atalak. Italia, Norvegia, Lituania, Turkia, Errumania, Moldavia, Polonia, Georgia, Grezia, Kroazia, Frantzia, Espainia eta Euskal Herrikoak ziren parte hartzaileak.
“Transformation in Education” proiektuaren bidez ikasleak irakaskuntzaren erdigunean jarri eta STEAM gaitasunak landu genituen, bizitza osorako ikaskuntza tresnak bereganatuz. Ikasturte osoko proiektua izanik, HEZIBERRI 2020k ezartzen dituen zeharkako 5 konpetentziak lantzeaz gain, diziplina barruko konpetentzia guztiak ere landu genituen. Proiektu honetan Turkia, Errumania eta Azerbajaneko ikasle zein irakasleekin aritu ginen elkarlanean.
“Media Literacy and Disinformation Hunters” proiektuak alfabetatze mediatikoa zuen helburuetako bat. Gaur egun informazioa uneoro iristen zaigu eta oso zaila egiten zaigu informazio zuzena okerretatik bereiztea. Ikasleek tresnak jaso zituzten iturrien fidagarritasuna aztertzeko edota berri faltsuak (“fake new”) identifikatzen laguntzeko. Pentsamendu kritikoa, arrazonamendua eta ikerketa izan dira, besteak beste, ikasleek erabili behar izan dituztenak lana aurrera eramateko. Gure kideak, Turkia, Jordania, Moldavia eta Italiakoak ziren.
“The Miraculous Power of Water”, izenak dioen bezala, Agenda 2030en zentratuta zegoen, uraren gaian hain zuzen ere. Jakin badakigu ura oso baliotsua dela bizidun guztientzat eta ezinbestekoa dela bizirik irauteko. Proiektu honetan, ikasleak gizakion aztarna, gure kontsumoa neurtzeaz gain, hizkuntza trebetasunak zein teknologikoak ere garatu dituzte. Sormena eta elkarlana ezinbesteko gakoak izan dira, lankidetzen aritu baitira beste ikasle zein irakasleekin. Kideak, Turkia, Italia, Errumania, Bosnia eta Andaluziakoak ziren.
Aurtengo ikasturtean ere baditugu martxan beste eTwinning proiektu batzuk eskolan. Ea hauekin ere ondo pasatzen dugun ikasten dugun bitartean.
We are eTwinners!!!!