Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu Euskal Herri osoan. Eskolan egun berezia izango da gaurkoa, eta giro alaian ospatzeko asmoa daukagu. Covidaren gorabeherak direla medio ezin izango ditugu egin beste urte batzuetan egindako antzerki edo herri kirolak, adibidez, baina saiatuko gara eguna beste modu batera ospatzen.
HHko ikasleek eskola barrua apainduko dute eta eskulanak egingo dituzte, baita ipuin kontaketak eta kantuak ere. LHn, nagusienek euskal kantuekin egindako irratsaio berezi bat prestatu dute, kantuak aurkeztu eta jarriko dituzte, egun osoan zehar. Honetaz gain, maila guztietako ikasle bakoitzak datorren urterako desioa pentsatu eta idatziko du. Desio horiek guztiak bildu egingo ditugu, haiekin gero sorpresa bat emateko.
Eta honetaz gain, batzuek jolasak ere egingo dituzte, euskarazko filmak ikusi…
Egun hau ospatzea ondo dago, baina ez dugu ahaztu behar egunero dela guretzat euskaraz jolasteko, ikasteko, haserretzeko, ongi pasatzeko eta bizitzeko eguna.