Eskola proiektuari amaiera ematen ari gara eta leku desberdinetako eskoletan ibilitako gurasoak ditugunez gure artean, beraien esperientzia kontatzera gonbidatu ditugu. Gauza berri asko ikasi ditugu eta oso gustura egon gara beraiekin.
Mariana Argentinakoa da eta Juan Carlos berriz Perukoa. Bi lurraldeetan ikasturtea martxoan hasi eta abenduan amaitzen dela esan zuten biek, harrituta geratu ziren beraien udako oporrak gure neguan direla konturatu zirenean.
Marianak aipatu zuen, adibidez, eskolara joateko 45 minutu egin behar zituela autobusez eta horretarako goizean 6:30ak aldera esnatu behar izaten zuela. Autobusak, beraiek kolektibo deitzen dietena, oso bereziak direla (barrutik apaindua egoten da txoferraren gustuko futbol taldearen koloreekin eta koloretako argiak izaten omen dituzte lurrean diskoteken antzera). Uniformea erabiltzen zutela eta mahaiak (pupitreak) elkarri lotuta zeudenez bat mugitzen bazen, ilara guztia mugitzen zela eta beraien materiala lurrera erori; hori dela eta elkarri kargu hartzen zieten norbait mugitzen bazen. Beraien eskola eraikuntza haundi bat zen eta bertan HH, LH eta DBHkoak elkarrekin egoten zirela aipatu zuen (ikastetxe hau pribatua da). Eskola barruan denda zuten txutxeak erosteko eta ahal zuenak dirua eraman zezakeen. Honekin harrituta geratu ziren gure ikasleak eta hemen denda bat egotea gustatuko litzaiekela komentatu zuten. Parkerik ez zegoela eta hormigoizko zelai bakar bat zutela. Mutilek futbolean ibiltzeko aukera izaten zutela eta neskak gomarekin jolasten zirela.
Juan Carlosek aipatu zuen eskolara denak oinez joaten zirela. Auzo edo distrito bakoitzak eskola bat zuela eta nahiko gertu izaten zutela, horregatik ez zutela autobus edo kotxe beharrik. Eraikuntza desberdinak zituzten, solairu bakar batekoak, HH eraikuntza bat, LH beste bat eta DBH beste bat. Uniformea erabiltzen zutela egunero: bat gela barrurako eta beste bat ariketa fisikoa egiteko. Eskola pribatuetako ikasleek jangela zerbitzua zutela eta gainera ordubete gehiagoz egoten zirela eskolan. Bera, publikoan ikasi zuenez, 13:00etan ateratzen zela eta etxera joaten zela bazkaltzera. Berak arratsaldeetan klaserik ez zuen goizeko txandan ikasten zuelako (batzuk goizeko txandan joaten ziren eta beste batzuk arratsaldeko txandan). Parkerik ez zegoela esan zuen eta jolasean ibiltzeko material gutxi, harrapaketan, txapatan… jolasten zirela.
Eskerrik asko Mariana eta Juan Carlos!