Nekazal Kultura Eskoletara proiektuaren barruan, Eskolen Arteko Hazi Sarearen Topaketa burutu dugu Donostian Gipuzkoako hainbat eskolek.
Gure baratza proiektuei buruzko hausnarketak partekatzeaz gain, eskola bakoitzak sorturiko barazki hazien elkartrukea burutzeko aprobetxatu dugu. Guk Gernikako kalabazaren haziak sortu genituen eta horiek eraman dizkiegu gainontzeko ikastetxeei. Trukean letxuga, babarruna, tomatea… eta beste hainbat hazi jaso ditugu, gero gure baratzean ereiteko.
Ikasturte honetan ikastetxe bakoitza zein haziren zaindari izango garen ere antolatu dugu.
Horrezgain, Maleta Ibiltaria jarri dugu martxan. Ikastetxez ikastetxe ibiliko da maleta hau eta bertan baratzean buruturiko proiektu eta ideiak elkarbanatuko ditugu. Haziak trukatzeko ere balioko digu. Horrela, gainontzeko ikastetxeekin sarea eta harremana sendotzeaz gain, egiten ditugun proiektuen berri izango dugu.
Topaketa oso interesgarria izan da ideia berriak hartu eta etorkizunean martxan jartzeko.