Pasa den astean hasi ginen konposta egiten Orokietako baratzean.

Zisare proiektuaren barruan, gure baratzeko konposta martxan jartzeko lehenengo pausua, 6.mailako ikasleei konpostari buruzko formakuntza ematea izan zen.

Horretara, Urola Kostako Mankomunitatetik Aitziber etorri zitzaigun eta konposta nola egin azaldu zigun.

Hondakin organiko berdea eta marroia bereizten erakutsi zigun eta konposta egokiak biak behar dituela kopuru berean adierazi zigun. Beraz, konpostagailura hondakin organiko berdea botatzen dugunean, beste hainbeste marroi bota eta aldiro nahastu behar dugu.

Bestetik,  tamaina jakin batetik gorako hondakinak botatzea ez dela komeni ere azaldu zigun, bestela ezinezkoa baita ongi nahastea.

Azkenik, koaderno bat eman zigun eta bertan hainbat datu apuntatu beharko ditugu astean behin, pha, tenperatura, hezetasuna….

Hau guztia ondo eginez gero, bederatzi hilabete ingururen bueltan, konposta egokia izango dugu gure baratzean erabili ahal izateko.

Proiektuaren ardura 6.mailako ikasleek hartu dute, eta beraiek nahastuko dute baratzean sortzen den hondakin organikoa. Aipaturiko datuak astero hartzeaz ere arduratuko dira.

Horretarako, hurrengo egunetan, gainontzeko ikasleei ere azalpen batzuk emango dizkiete, batez ere sortzen den hondakin hori nola utzi behar dugun prestatua, ondoren euren lana egoki burutu dezaten.