Apirilaren 24tik 28ra LIBURU ASTEA ospatzen ari gara. Esan beharra dago aste honek betidanik izan duela garrantzi handia OROKIETAN, nahiz eta urte batzuetan ezin ospatu izan.

Liburuak edo zuzenagoak izateko irakurketak, zein onura dituen denok dakigu, baina nola sortu “Liburuekiko edo irakurketarako zaletasuna?” Hor dago koxka! 

Guraso edo familien kezka, irakasleon nahia… zaletasuna bultzatzea izaten da. Eta bi ahalegin hauek lotuz sortu zen duela hamasei urte baino gehiago ASTE edo HILABETE hauetako ekintzak. Zeintzuk diren?

  • Amona bat etortzea ipuin bat edo berak bizitako istorio bat kontatzera.
  • Aita bat ikasleek esandako hitzekin ipuina asmatzen dakiena.
  • Izeko batek bidaia batean erositako liburua aurkeztera datorrena.
  • Atzerriko hizkuntza batean mintzatzen dena eta kondaira bat irakurtzera hurbiltzen zaiguna.

Ateak oso zabalik dauzkagu eta ikasleek ikaragarri eskertzen dute bizipen hau, familiakoa izan edo ez, gertukoa izan ala ez.

Baina gaurkoan, ekintza berezi bat burutu dugu. Lehenengoa izanik badira hobetu beharrekoak baina ikasleak gustura ikustea sari handia da eta gaurkoan bete da.

Eskolako zaharrenak, hau da, 5. eta 6. mailakoak binaka edo hirunaka bildu dira eskolako txikienekin (gainontzeko guztiekin eta HHa barne) lau edo bosteko taldeetan. 

Lehenengo, bikote bakoitzak maila eta taldea aukeratu behar zuen. Ondoren, adin horretarako ipuina aukeratu. Eta azkenik, gaur, eskolako gune ezberdinetan bildu dira, ipuina irakurri diete eta guztien arteko elkarrizketak burutu dituzte.

Ez dakit helburua lortu dugun baina ekintza hau beste saiakera bat bezala hartuko dugu baina hasieran jarri dudan bezala; “GU, HELDUOK IZAN GAITEZEN EREDU”