Dakizuen bezala, aste osoan zehar Elena Odriozola ilustratzaileari buruzko tertulia artistikoa egin dugu eskola osoak. Ekintza eta jarduera dibertigarri, zoragarri eta askotarikoak egin dituzte ikasleek.

Talde batzuek haren ipuinen ilustrazioei hitzak asmatu dizkiote; beste batzuek, berak ilustratutako olerkiak interpretatu eta bestelako ilustrazioak asmatu dizkiote.

Gela batzuek plastilinaz edo kartulinaz txoritxoak edo saguak egin dituzte eta eskolako txoko desberdinetan jarri.

Nagusiagoek, Elenaren ilustrazioen teknika aztertu dute eta nola ilustratzen den ikasi dute. Halaber, eskolako ama den Idoia Lobo disenatzaile eta ilustratzailea eskolara etorri da ikasleei bere lanbideari buruzko azalpenak eta sekretuak kontatzera.

Txikiek ipuinak ilustratu dituzte, eta Elenak ilustratutako ipuinak entzun, ikusi eta haiekin gozatu dute.

Eskolan zehar Elenaren ilustrazio bateko saguak ezkutatu ditugu eta saguen bila ibili dira ikasleak pasabide eta eskolako txoko desberdinetan.

Tertuliarako, ikasleek bere ilustrazio bat aukeratu behar izan dute eta hark sorrarazitako sentimendu, ideia edo gogoetak idatzi eta paretetan zintzilikatu dituzte.

Pasabideak apaindu ditugu eta gurasoei erakutsi …eta beste hainbat kontu gehiago ere bai.

Ikaragarri gozatu dugu eta gozatu dute haurrek tertulia artistiko honekin.

Oraindik baduzue aukera ostegunean HHko eraikuntzan jarriko duten erakusketa ikusteko. Animatu!