Urtea amaitzear dagoen honetan, giro berezia bizi izan dugu eskolan. Olentzero eta Mari Domingi etorri dira, eta ikasleekin batera une eder eta hunkigarriak partekatu dituzte, irribarreak eta ilusioa nagusi izan direlarik.
Horrez gain, eskolako haur asko herrian zehar kantatzera irten dira, Gabonetako abestiak eskainiz eta jai giroa herriko kaleetan zabalduz.

Urtea amaitzearekin batera, baratzean bezala, ereindakoaren uzta jasotzeko unea iritsi da. Hilabete hauetan egindako lanak ikaskuntza, hazkundea eta elkarlana ekarri ditu, eta hori guztia komunitate osoaren ahaleginari esker izan da.

Coco Chanelek zioen moduan, sinpletasunean dago dotorezia, eta eguneroko lan txiki horiek dira gure proiektua puntadaz puntada josi dutenak. Gabon hauek atseden hartzeko eta lortutakoa baloratzeko garaia izan daitezela.

Urte berrian, orratzean berriro haria sartuz, erronka eta amets berriak elkarrekin josten jarraituko dugu.

Eskerrik asko zuen lan eta konpromisoagatik. Gabon zoriontsuak eta urte berri oparoa.