Ekainaren 7an, Busturiako Ingurugelan izan zen ekitaldian jaso du Bandera Berdea deritzona Orokieta Herri Eskolak.

Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Ingurugelak “Eskola Jasangarria” agiriarekin Eskola Agenda 2030 programan nabarmentzen diren esperientziak dituzten eskolak goraipatu nahi dituzte. Beraien lanak, prozedurak eta, azken finean, eskolaren hezkuntza, partaidetza eta jasagarritasun kalitatea errekonozitzen duen agiria da hau.

Ongi etorri hitzak eta gero, Bandera Berdea lortu duten 4 ikastetxe horietako ikasleek hartu dute hitza eta, horien artean,  Orokietako ikaslea den Elene Lizasok eskolako patio berria diseinatzeko proiektua nola adostu eta gauzatu den azaldu du.

Jarraian, Aitane Martija ikasleak jaso du Eskola Jasangarriaren ziurtagiria, Orokieta Herri Eskolaren izenean, Urkullu lehendakariaren eskutik. Izendapen honek 4 urteko iraupena du, hau da, 2025 bitartekoa.

Zorionak eskolako parte zareten guztioi.