Ikasturte osoan zehar irakasle eta ikasleek hainbat herrialdetara bidaiatzeko aukera izan dute formazio eta elkartrukeetara. Ikasturteko azken hiruhilekoan, beste herrialdeekin egiten ari garen elkarlan, trukaketa eta bisitak etengabeak izaten ari dira eta oso aberasgarriak Orokieta herri eskolarentzat.
Aste honetan, Bruselan izan dira zuzendari eta ikasketa burua, School Innovation Forum-ean parte hartzen. European Schoolnet erakundeak antolatutako kongresua da eta aurten landu den gaia Hezkuntza eta Adimen artifiziala izan da. Mundu mailako aditu eta eragile ezberdinen eskutik hitzaldi eta tailerretan parte hartzeko aukera izan dute. Kongresuan, Europako Hezkuntza ministeritza ezberdinetako ordezkariak egon dira besteak beste.
Ezinbestekoa da hezkuntzan barneratzen ari den digitalizazio eraldaketa honen berri izatea eta eguneratuta egotea, ezin baita ukatu bere presentzia egunerokoan.
Aurreko astean Transilvaniako Bistrita herrian izan ziren bi irakasle, Kanpo espazioak ikasgela Erasmusean parte hartzen. Bertan, behar bereziko ikasleekin kanpo espazioak erabiltzeak dituen onurak ikusteko aukera izan zuten besteak beste. Bertako eskolak eta hango esperientziak ezagutu zituzten.
Datorren astean, berriz, LH6ko ikasle talde bat eta bi irakasle izango dira Eslovakiara bidaiatuko dutenak. Ikasturteko 3. ikasle trukea izango da Orokietako ikasleentzat. Sliac herriko eskolarekin izango da oraingoan trukea eta bertako eskolan eta familietan pasako dute astea gure ikasleek. Benetan aberasgarria izango da guztientzat esperientzia hau bizitzea.
Eta honetaz gain, Flandriako irakasle talde bat etorriko da Orokietara hainbat egunez. Eskolan nola egiten dugun lan eta bertatik bertara egunerokoan gure proiektuak nola eramaten ditugun aurrera ezagutu nahi dute. Guk ere beraiekin partekatuko dugun denbora horretan asko ikasiko dugula ziur gaude.
Aberasgarria da oso Erasmus programak eskaintzen dituen ekintza hauetan parte hartzea eta beste herrialdeekin batera elkarlanean aritzea. Ikasturtea amaitzen ari da baina aurtengo bizipen hauek guztiak denbora luzez gogoratuko ditugu eta nola ez datorren ikasturterako beste batzuk prestatzen hasiak gara!