HH3ko ikasleek egun hauetan ezohiko bisita bereziak izan dituzte.
Azken urteotan, martxoaren 8ari loturiko proiektu bat egin izan dugu. Asmoa emakumeari ikusgarritasuna ematea eta gizarteko alor ezberdinetako emakumeak ezagutaraztea izan da. Aurten aukeratu dugun gaia euskal emakume antzezleak izan da eta aste honetan zehar, hauek ezagutu eta haiekin gozatuko dugu.
Gaiarekin lotuta, atzo Ainere Tolosa antzezlea etorri zen gurera. Antzezleaz gain, Orokietako irakaslea da bera. Ainerek berak egindako antzezlanen berri eman zigun eta berriketan gustura aritu ginen.
Bestalde, HH3ko gela batean ikasle berezi baten bisita jaso dugu: gure ikaskideetako baten arrebarena, hain zuzen. Etxean anai-arrebek eskulan bat prestatu zuten gure egungo proiektuari lotuta. Barraskiloa da gure proiektua eta izugarri ikasten ari gara. Une zoragarria pasa genuen barraskiloak eskuz egiten anai-arreben laguntzarekin. Esperientzia dibertigarria izan zen eta denok asko gozatu genuen.
Hemendik animatu nahi zaituztegu Haur Hezkuntzara etortzera, horrelako ekintzekin asko gozatzen baitute gure txikiek eta elkarrekin primeran pasatzeko aukera paregabea baita. Etorkizunean ere horrelako bisita berezi gehiago egiteko irrikaz gaude!