Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak IV. STEAM Euskadi Sariak banatu ditu gaur Bilbon, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan. Hezkuntza Sailak antolatzen dituen sari hauek Euskadin garatzen ari diren STEAM Hezkuntzako praktika onenak aitortzen eta bistaratzen dituzte, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arte eta humanitateekin lotuta- bultzatzeko helburuarekin. STEAM ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics.
STEAM Hezkuntzako 127 ekimen aurkeztu dira; horietatik 80k lortu dute STEAM Euskadi zigilua, STEAM Hezkuntzaren izaera nabaria aitortzen duena, eta horietatik 9k jaso dute saria.
Kategoria bakoitzean lehen sari bat (3.000 eurokoa), bigarren sari bat (2.000 eurokoa) eta 1.000 euroko aipamen berezi bat banatu dira, genero ikuspegia aintzat hartuta azken hori. Hezkuntza zentroek sustatutako steam hezkuntza ekimenik berritzaileena kategorian 2. saria jaso du Orokieta Herri Eskolak.
Makina sinpleak Txikipedian izan da saritu duten proiektua.
Orokieta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek edukiak sortu dituzte Txikipedian –zehazki, bost orrialde–, makina sinpleen funtzionamendua azalduz (polea, gurpila, palanka…). Horretarako, besteak beste, stopmotion teknika darabilten bideoak ere baliatu dituzte. Teknologia, ingeniaritza eta artea batzen dituen proiektua da, osagai nagusitzat komunikazio eta dibulgazio soziala dituena (Txikipediaren bitartez). Aurkeztutako makinen funtzionamenduari buruzko azalpenarekin batera, horrekin lotura duten STEM lanbideak ere ezagutarazten dituzte.
Sari honek, aitortzaz gain, proiektu berriak sortzeko bultzada ere ematen diela adierazi digu ikastetxeko zuzendari Maider Cachónek.