Aspaldiko nire egunik gustukoena esan du batek, eta ez da gutxiagorako. Zer egun polita pasa dugun gaurkoan.

Iazko ikasturtean Tolosako babarruna🫘 landu genituen eta duela hilabete pare bat, uzta jaso eta gelako apalean lehortzen eduki ditugu poto batean. Egunero begiratzen genien, haiek jateko desioz. Sekulako ilusioa egiten baitzigun babarrun ale horiek guztiak lapikoan sutan ikusteak eta ideia ezin hobea bururatu zitzaigun. Ba al dakizue zer? Gure eskolako sukalde berrian kozinatzea eta ondoren, hamaiketako-bazkari bat egitea.👩🏻‍🍳

Eta iritsi da horrenbeste esperotako eguna. Babarrunak jateko ezin aproposagoa gainera, leihotik bestalde, euria klin-klan ari zuen bitartean, sukaldean epeletik igaro dugu goiza. Babarrunak bezperatik lapikoan utzi genituen beratzen eta gaur sutan jarri ditugu, txorizo pare batez lagundurik. Bien bitartean, ostiralero legez, taldeko erronkei heldu diegu eta makina sinpleen proiektuari buruzko aurkezpenak prestatu ditugu.

Konturatzerako hamaikak iritsi zaizkigu eta ordurako, Tolosako esentzia zabaltzen hasi da sukaldean eta, tentazioari ezin eutsi! Hamaiketan, punttu-punttuan mahai bueltan jarri gara eta atarira joateko beharrik ere ez dugu sentitu, pentsa. Mantala jarri, mahaia atondu, ogia, platerak… dena prest! Tripa goxatzen genuen bitartean kontu-kontari ibili gara, pozik.

Baina batere espero ez genuela, postrea ere jan dugu! Bihar gelakide baten urtebetetzea izango da eta sekulako bizkotxo ederrarekin etorri zaigu gaur eskolara🥧. Bat hogeiren moztu behar genuela adostu dugu eta berak, bat hamarren bete dituela… Horrelaxe astindu ditugu ikasten ari garen zatikiak. Herenak, laurdenak, eta erdiak… baina garbi dugu, gaurkoa, osoa izan dela guretzat.

Egun borobila, osoa. ⭕️😊