4. mailako ikasleek amaitu berri dute animalien proiektua. Aurreko batean Danio arrainen arrautzak iritsi zirela kontatu genizuen eta hauen jarraipena egingo zutela gure ikasleek. Halaxe izan da, bada, 4. mailakoak zientzialari izan baitira hiruhileko honetan. Danio arrautza txikiak iritsi bezain pronto jaiotzen ikusi zituzten, egunez egun zaindu egin dituzte, eta hauen bizileku eta elikadura egokia zein den aztertzeko ikerketa zientifiko bat egin dute.
Ikerlari jantziekin, informazioa jaso, hipotesiak egin eta egunero, arraintxoen zaintza eta ikerketarako behar zituzten datu bilketa egin dute. Zer ikertu dute? Arraintxo hauek eskola batean jaio ondoren, haientzako bizileku eta elikadura egokiena zein den. Hilabete pasa egon dira datu jasoketa egiten. Zientzian maiz gertatzen den bezala, ikerketan zehar arazoak sortu zaizkie eta horien zergatia aztertu eta konponbidea bilatu behar izan dute.
Asko ikasi dute gure ikasleek, ikerlari bikainak izan dira eta jasotako guztiaren ondorioak Daniori buruzko kongresu batean aurkeztuko dituzte poster zientifiko baten bitartez. Ondorioak zeintzuk diren jakin nahi? Orokieta telebistan edo hemen bertan ikus dezakezue proiektua azaltzen duen bideoa.