2024ko urtarrilaren 10ean Eduardo Txillida jaio zela 100 urte beteko direla probestuz, aurtengo tertulia artistikoa haren bizitza eta obraren inguruan egingo dugu. Astebetez, eskola guztiak haren biografia eta haren lana aztertuko ditugu.
Nazioartean ere errekonozimendua duen euskal eskultore garrantzitsuenetakoa dugu bera. Bere lan eskultorikoa oso indartsua eta plastika ederrekoa da, eta bere lanen ezaugarri nagusia materialen izaerarekin jokatzea da. Altzairua, alabastroa, hormigoia eta terrakota erabili zituen batez ere, eta zura ere bai maila apalagoan.
1966an, hainbat euskal artistarekin batera, Gaur taldea sortu zuen, garaiko molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtu eta abangoardia berri bat sortzeko helburuarekin (J. Oteiza, J.L Zumeta, N. Basterretxea, A. Arias, R. Mendiburu, eta J.A Sistiaga). Taldeak gutxi iraun bazuen ere, lanean jarraitu zuen bere bizitza osoan zehar.
Bere lan asko espazio publikoetan daude kokatuta, Donostiako Haizearen orrazia adibidez, eta munduko museo handietan barreiaturik daude haren lan asko.
Zuek ere, zuen seme-alabekin batera, Txillida hobeto ezagutzeko aukera izatea nahiko genuke. Horretarako, aurkezpen bat bidaliko dizuegu, etxean ere komenta dezazuen.