Gogoratzen duzue nola iazko ikasturtean emakume kirolariei buruzko lanketa zabal bat egin genuen eskolan? Aurten ere, izan zuen arrakasta ikusita, antzerako proposamen batekin gatozkizue.

Datorren hilean Emakumearen nazioarteko eguna izanik, eta aste honetan bertan Emakume Zientzialarien nazioarteko eguna izan denez, hari horri tiraka eginez gai hori lantzea pentsatu dugu. Jakin badakigu zientziaren munduan gero eta emakume gehiago dabilela. Eta imajinatzen dugu lehen ere izango zirela emakume zientzialariak munduan zehar. Baina, ezagutzen al ditugu? Ateratzen al dira zientzia liburuetan eta aldizkarietan? Ba al dakigu zeintzuk diren eta zer lan egin dituzten? Arlo askotan bezala, emakume zientzialariak itzaletan egon dira orain arte, eta nahi duguna argitan jartzea da. Horretarako, Emakume Zientzialariak ezagutuko ditugu, ikusgarritasuna emango diegu eta haien lana balioetsiko dugu.

Zer da egingo duguna? Batetik, aurkezpen bat prestatuko dugu informazioarekin, eta etxeetara helaraziko zaizue. Bestetik, lehiaketa moduko bat jarriko dugu martxan, nahi duenak parte har dezan. Lehiaketan, zientzialari bakoitzaren argazkia, bere fitxa eta jaiotza datarekin lotu beharko dira eta parte hartze orrian idatzi. Buzoi bat jarriko da idazkaritza aurrean parte hartze orriak jasotzeko.

Azkenik, ikasleek Txikipedian emakume hauen biografiak sartuko dituzte.

Lan interesgarria eta polita, dudarik gabe. Animatu zaitezte zuek ere gaiari buruz seme-alabekin hitz eginez, lehiaketan lagunduz edo ekarpenak eginez.