Goizean goiz hasi ginen ospatzen euskararen eguna eskolan. Haur hezkuntzan Amaia Martinezek ipuin bat irakurri zuen megafoniatik ikasle guztientzat. Aurretik baina, haur bakoitzak bihotz zuri bat eraman zuen etxera, etxean landu eta euskararen inguruko zerbait idatzi zuen bertan. Astelehenean eskolara ekarri zituzten bihotzak eta eskolan zehar zintzilikatu.
Lehen hezkuntzan berriz, irratsaio berezia izan zuten goizeko 9etan. Bertan, Euskadi Literatur saria jaso duen Harkaitz Canoren Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez ipuinaren zati bat eta Mikel Rotaetxeri Orokieta Irratian bertan egindako elkarrizketa izan ziren eduki nagusiak. Irratsaio interesgarri hau nahieran entzungai dago. Bestalde, goizean zehar gela bakoitzak esaera zaharrak landu zituzten eta eskolako sarrerako horma-irudian itsatsi.
Hamaiketan haur hezkuntza eta lehen hezkuntzakoek Behin betiko kanta abestu zuten jolastokian eta ondoren Eskutitza, Eitbk maratoirako aukeratutako kanta dantzatu zuten.
Arratsaldean herri kiroletan, jolasetan eta dantzan aritu ziren ikasle eta irakasleak.
Ekintzez eta hausnarketez betetako eguna izan zen.
Agur, bidea luze eta pausoa labur