Orokieta Herri Eskolak estatu mailako eskola jasangarri saria jaso du

 

Azaroaren 22an, Madrilen, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioan ospatu zen sari emate ekitaldian izan ziren Orokieta Herri Eskolako ordezkariak saria jasotzen.

Estatu mailako Eskola jasangarri aitortza sariketa egiten den lehen aldia izan da aurtengoa eta 10 eskola publiko izan dira sarituak deialdi ireki honetan. Eskola Jasangarri Aitortzearen helburua da eskolaren barruan iraunkortasunaren kultura indartzera bideratutako praktikak sustatzea, bai eta iraunkortasunerako eskola-ikuspegi integrala egituratzera bideratutako ekintzak, proiektuak eta programak gauzatzea ere.

Zeramikazko plaka, diploma eta sari ekonomikoa jaso zituzten Orokietako zuzendariak eta ikasketaburuak Madrilen ospatu zen ekitaldian.

Orokietako Baratza IkasgeLab proiektua 3. postuan geratu da sailkapenean. Jasangarritasuna komunitatean lantzearen garrantzia, kanpo espazioetan garatzen diren  herritarren zientzia programak, ikerketak eta baratzaren eta urmaelaren lanketak indarra dute proiektuan. Jasangarritasun kontzeptua ingurumenetik haratago doa ordea. Eskolan erabakiak hartzeko prozedurak oso garrantzitsuak dira eta Orokietan erabakiak elkarrekin hartzen dira; horretarako ingurumen ordezkariak daude, baita bilera mistoak eta batzorde mistoak ere, bertan, ikasleek, irakasleek, langileek eta familiek ordezkaritza daukate. Eskolako metodologia ere oso garrantzitsua izan da sari hau jasotzerako orduan; Orokietan, eskolan bertan sortutako proiektu eta erronka errealetan oinarritutako irakaskuntza eramaten da aurrera. 2 urtetatik hasi eta 12 urte arteko ikasleek kanpo espazioetan ere garatzen dituzte proiektu hauek.

21-22 ikasturtean jaso zuen Orokieta Herri Eskolak Eusko Jaurlaritzaren jasangarritasun aitortza, eta sari berri honek, bide horretan jarraitzera animatzen du eskola komunitatea, eskolan, teknologiak eta jasangarritasunak behar duten oreka eta elkarlana etengabe bilatzen.

 Orokietako ikasleak jasotako diploma eta plakarekin