Aurreko astean bisita berezia izan genuen Orokieta Irratian, Mikel Rotaetxe kazetaria.

Mikel Rotaetxe Kerexeta zarauztarra, Euskadi Irratiko esataria da, Orokietako ikasle ohia eta orain dela gutxi Ondas saria jaso du Bartzelonan, Maider Segurolarekin batera, Faktoria Magazina saioagatik. Gertutasuneko irratsaio onenaren saria eman diote.

Aurreko ostiralean, LH6ko ikasleok berarekin bildu ginen Sormen GeLab-en eta arratsaldea motz geratu zitzaigun bere kontakizunak entzuten. 

Elkarrizketan zehar azaldu zigun, “kuentista” izatetik pasa zela kazetari izatera, beti gustuko izan baitu gauzak kontatzea. Txikia zenean mugitua eta hiztuna zela kontatu zigun eta momentuan oharkabean pasa bazitzaion ere, Orokietak, bizitzako egoerei aurre egiteko tresna baliagarriak eman zizkiola ere esan zigun.

Garai bateko Zarautzi buruz galdetu genionean, aipatu zigun, lehen, jendea kaletik aurrera begira ibiltzen zela, eta gaur egun, aldiz, gehienak mugikorretara begira ibiltzen direla. Honek ere eman digu zer pentsatua.

Mikel, oso pertsona hurbila eta atsegina izan zen, eta gauza interesgarri pila kontatu zizkigun. Esperientzia zoragarria izan zen.

Eskerrik asko Mikel, gurekin partekatutako denboragatik eta zure jakinduria eta esperientziak gurekin konpartitzeagatik. Eta jakin, Orokietako ateak zabalik dituzula.