“Everything can be recycled except the Earth” (dena birziklatu daiteke Lurra izan ezik) izenburua duen Eramus + programari lotuta, Europako 5 herrialdetako irakasleak Orokietan izan ziren astebetez.
Ekintzaz betetako aste borobila izan zuten Erasmuseko kideek Orokietako irakasleekin batera. Bi helburu nagusi izan ditu bisita honek, batetik, Orokietako hezkuntza metodologia erakustea eta baita eskolako egunerokoan daukagun zaborraren trataera ere. Bestetik, proiektuak finkatutako helburuak aurrera eramateko bisitak eta lanak bateratzea.
Astelehenean, Orokietako SormengeLab zuzenean ikusteko aukera izan zuten eta bertako metodologia ezagutu. Jarraian, Urola Kostako Mankomunitateak eskoletarako duen Zisare programaren nondik norakoak jaso zuten,
Asteartean, Tolosako TOPIC museora bisita egin zuten, bertan material birziklatuaz txotxongiloak sortu zituzten, orain esperientzia hau beraien eskoletan partekatuko dute.
Asteazkenean, Haur Hezkuntzako metodologia ezagutu zuten eta ondoren, Scientix tailerra.
Ostegunean, berriz, Tabakalerako Medialaben “Hor Konpon” eta “Precius Plastic” proiektuak ezagutzeko aukera izan zuten.
Egonaldia amaitzeko, ostiralean, Bilboko Artigas zentroan izan ziren, birziklapenaren, berrerabilpenaren eta zabor murrizketaren gaineko informazio interesgarria jasoz.
Esperientzia aberasgarria izan da eskolarako, eta beraiek ere oso eskertuta azaldu dira jasotako harrerarekin.
Orokieta Herri Eskolak Eramus proiektuetan parte hartzeko apustuari eutsi nahi dio, ikasle eta irakasleentzako benetan onuragarria delako, eskolen arteko esperientziak eta herrialdeen arteko kultur aniztasuna partekatzea beti delako aberatsa.