Oraingo honetan, L.H 6. mailako Ingurumen Batzordeko taldekideok berri bat partekatu nahi dugu zuekin.

Maiatzak 6an, Urdaibaiko Ekoetxean, (Busturian) Euskadiko IRAES taldeak (Euskadiko Eskola jasangarrien sareak), 2030 Eskola Agenda programaren barruan, bere ikasturte amaierako Euskal Confita ospatu zuen. Bertan Lehen Hezkuntza zein Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariak eta Ekoliderrak, ikasturtean zehar landutako gaiaren inguruan, aurten, Biodibertsitatea, hausnarketa ugari burutu zituzten.

Programa oparoa izan zen.

Iritsi bezain pronto ikasleek Eskolan Biodibertsitateaz egindako lanketaren inguruko hormirudiak eskegi zituzten areto nagusiko hormetan.
Jarraian, Unibertsitateko irakasle den Joserra Díezen eskutik, “Biodibertsitatearen etorkizuna gure esku” hitzaldia, ere entzuteko parada izan zen.
Atsedenaldirako tartearen ondoren jarduera ezberdinak burutu zituzten bertan gaztetxoek, hala nola, bertsoa eta kanta sortu eta abestu, antzerki baten gidoia eta antzezpena egin, hormirudia egin eta aurkeztu, erreportaia, manifestua…
Azkenik bazkal aurretik, bisita gidatua, Ekoetxean bertan eta bitarte horretan irakasleek ere, Urdaibako padura ezagutzeko aukera izan zuten eta hausnarketarako unea ere partekatu zuten datorren ikasturterako proiektua hobetzeko asmoz.

Orokieta , IRAES taldeko partaide gisara ere, bertaratu zen eta 6. mailako Ingurumen Batzordeko hiru kidek aukera paregabea izan zuten, bertako ekintza guztietan parte hartzeko.
Begi bistan da primeran pasa zutela eta ordezkariek arduraz eta konpromezuz betetako hormirudia aurkeztu zioten aretoan bildu ziren publiko orori.

Argi geratu zen, etorkizuna gure esku dagoela, eta arduretatik abiatuz, taldean lan eginaz, ingurune jasangarriago baterantz jo behar dugula, aspektu natural nahiz sozialak uztartuaz.

Beraz, datorren ikasturterako ere, Eskolan izango ditugu jasangarritasunaren inguruko hainbat erronkari aurre egiteko uneak.

Prest bertan parte hartzeko?♻️🍀