Hau da 6. mailakoek idatzi digutena.
Unibertsoaren proiektuari bukaera on bat emateko, atzo, otsailaren 29an, KUTXAESPAZIOra joan ginen. Lehen Hezkuntzako 4. mailan ere egonda geunden bertan, baina oraingoan proiektu ezberdin baten harira.
Lau gelak hiru taldetan banatzeko eskatu ziguten eta hori dela eta egitaraua horrela geratu zen.
- Bi talde planetariumean zeuden bitartean hirugarrena Kimikaren tailerrean.
- Txanda honetan bat planetariumean, bestea tailerrean eta hirugarrena Eureka museoan libre.
- Talde bat Kimikaren tailerrean eta beste biak museoan jolasten.
Aurrez esan dugun modura, museoa ezagutzen genuen baina beste biak ez, eta orain modu laburrean azalduko ditugu:
Planetariumean Lurraren mugimenduak azaldu zizkiguten. Errotazioa, translazioa, solstizioak, ekinozioak, konstelazioak… Bukatu zenean arduradunak asko genekiela esan zigun eta gu poz-pozik geratu ginen.
Kimikaren magia izeneko tailerrean, aldiz, iaz Farmer Fishen ikasitako gauza batzuk errepasatu genituen; PH-a, etxean ditugun garbikari batzuk nolako PHa duten, aza moreak PHa erregulatzeko balio duela, polimeroen magia etabar.
Bukaera eder honen ondoren, prest gaude hurrengo proiektuan murgiltzeko! Bitartean hona hemen argazki batzuk.