Orokietako Iñauterietan Koxmeren itsasoan murgildu gara.
Izan ere, Zarauzko kosta inguruan baditugu inguru zoragarriak, eta Mollarri da horietako bat. Bere inguruko uretan arrainak, olagarroak, itsas landareak eta naturak emandako beste hainbat altxor eta sekretu izkutatzen dira. Bada, 4 eta 5 urtekoak, urpekariz jantzita, Mollarriko uretan dauden altxorrak erakutsi dizkigute.
Gainera, ondo dakigu gure Euskal Herriko historian zehar, eta batez ere itsasoaren magalean dauden herrietan, itsasoa oso garrantzitsua izan dela jende askorentzat. Itsasoari lotutako bizimodua eta lanbideak izan dituzte askok eta askok. Horietako batzuk, gure arrantzaleak eta emakume saregileak dira. Eskolara etorri zaigu goizean goiz, arrantzale eta saregile koadrila handi eta jator bat.
Zein erakargarria zaigun Zarauzko hondartza bai guretzat eta baita kanpotarrentzat ere. Horregatik, udako egun eguzkitsuetan jolasean dauden umeak, surfistak uretan, familiak egun pasa egiten, edo lagun koadrillak paletan edo baloiarekin jolasten ikusten ditugu. Baina nola uzten dute gero hondartza? Behar bezala zaintzen ote dugu?
Ene bada! Marea gora igotzen hasi da eta zaborra irentsi du. Itsasoak eramaten duena, ordea, ez da magiaz desagertzen, itsas hondora joaten da eta dakigun bezala han itsas animaliak bizi dira.
Animalia gaixoak! Ez al dakigu, gizakiok, itsasoa guztiona dela eta itsasoko animalien bizilekua dela? Zorionez, bada itsasoa zaintzeaz arduratzen den jendea eta eskerrak!
Bada, horietako batzuk ditugu munduko ozeanoak eta gure Kantauri itsasoa zaintzen dituzten itsaslapur edo piratak. Kortsario abenturazale eta ausartak etorri zaizkigu, animaliak zaborretatik askatu eta libre dira!
Beraiei esker bandera urdina zabaltzea lortu dugu Koxmen itsasoan.
Jaialdi amaieran, Koxme azaldu zaigu, gustora ibili da ikasleekin dantzan, jira eta bira.
Orokietako ikasle, irakasle eta familiek konpromezua hartu dugu Koxmeren itsasoa zaintzeko eta hondartzara goazenean zaborrik ez botatzeko, itsasoaren zaintzaren garrantziaz jabetuz.
Amaitzeko, txokolate eta bizkotxoekin sabela goxatu eta dantza aritu gara.