Aurreko astean azokara joan ginen, gure “Zer jan, hura izan!” proiektuari amaiera emateko. Azken asteotan elikaduraren, tokiko produktuen eta ohitura osasungarrien inguruan ikasten aritu gara, eta irteera hau ikasitako guztia gertutik ezagutzeko aukera bikaina izan da. πŸ₯¬πŸ…πŸ₯š

Lau postu bisitatu genituen: baserritarrena, harategia, frutategia eta arrandegia. Taldeka banatuta, prestatuta genituen galderak egin genizkien bertako ekoizleei eta saltzaileei. Horrela, elikagaien jatorria, nola ekoizten diren eta gure mahaira iritsi aurretik egiten duten bidea hobeto ezagutzeko aukera izan genuen.

Azokatik bueltan, gelan elkarrekin hausnartu genuen ikusitako eta ikasitako guztiaz. Bisitan entzundako azalpenek baieztatu egin zuten azken asteotan landutakoa. Konturatu ginen elikagai bakoitzaren atzean lan handia dagoela, eta zein garrantzitsua den bertako produktuak ezagutzea eta aukeratzea. Gainera, ikusi genuen gertutik datozen elikagaiek bidaia laburragoa egiten dutela eta, horregatik, gasolina gutxiago gastatzen dela. Horrek guztiak ingurumena zaintzen laguntzen du ekologikoagoa bihurtuz. Era berean, bertako produktuak erosten ditugunean, gure inguruko baserritar, arrantzale eta saltzaileei laguntzen diegu, haien lana eta lanpostuak mantentzen babestuz.

Azpimarratzekoa da azokako langileek egin ziguten harrera bikaina. Lanez gainezka egon arren, adeitasun handiz hartu gintuzten eta gure galdera guztiei erantzuteko tartea eskaini ziguten. Mila esker denei!

Eguzkia lagun, bidean kantari itzuli ginen eskolara. Proiektua amaitu da, baina abestiaren hitzak gurekin eramango ditugu hemendik aurrera ere, gure eguneroko aukeretan lagun: “Garaian garaikoa, tokian tokikoa, ez al da hori zentzuzkoa?”