Badira bi urte Orokieta, Erasmus + programaren barruan, Europako hainbat ikastetxerekin batera curriculum proiektu bat garatzen ari dela. Aurtengo  proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetako arduradunak  Zarautzen bildu gara. Zarautzen garen bitartean bi helburu nagusi ditugu: azken bi ikasturteetan egindako lanaren jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta datorren urtea, hau da, proiektuaren azken urtea, prestatzea.

Erasmus + programako profesionalek gaurko eguna Zarauzko Berritzegunean hasi dute. Berritzegunean egin diete harrera Portugal, Polonia, Italia eta Turkiatik etorritako hamar irakasleri. Bertan, hartu-emanerako aukera izan dute Erasmus + taldeko arduradunek eta Berritzeguneko aholkulari eta profesionalek. Berritzegunearen eskutik, Erasmus + taldeko kideek Europako programa hauen garrantzia eta Euskal Hezkuntza sistema hobeto ezagutzeko aukera izan dute, eta guztiok, halaber, herrialde ezberdinetako hezkuntza sistemak hobeto ezagutzeko parada izan dugu.

Erasmus + taldeko profesionalek Zarauzko egonaldia amaitu eta bi astera, Orokieta Herri Eskolako 6. mailako 12 ikaslek Dalamanera (Turkia) bidaiatuko dute. Zarauztarrek Dalamanen astebete emango dute bertako ikaskideekin harremanak sendotzeko eta elkarlanari bultzada emateko.

Ziur gaude bi egonaldiak guztiontzat aberasgarriak izango direla eta bizitako esperientziak pertsona, hiritar eta profesional bezala jantziko gaituela.