Gaur eguerdian Lizardi institutuan bildu gara 13:00etan eskualdeko 5 eskola publikoetako ordezkariak; Aiako Lardizabal, Getariako  Iturzaeta, Orioko Zaragueta, Zarauzko Orokieta Herri Eskola eta Lizardi Institutuko hezkuntza  komunitateko kideak.  

Dakizuenez, gure Eskoletako ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasketak  egiteko hemen, Lizardin elkartzen dira. Ikasleen ibilbide hori ez da berria, berria ez den bezala ikastetxeen arteko elkarlana eta koordinazioa ikasleen alde. Urteak daramatzagu horretan, bakoitzak bere onena ematen eta besteekin partekatzen. Une honetan beste urrats bat eman nahi dugu Eskola Publikoa indartzen eta gure elkarlana sendotzen, ikaslearen ibilbidea AREagotuz.  Hortik sortu dugu ARE.  

Haur eta gazteek berdinengandik ikasten duten bezala, guk ere urrutira joan gabe, ondoko eskoletatik  zer ikusi eta zer ikasi bagenuela konturatu ginen. Eta hausnarketa horretatik abiatuta, elkarri entzun  eta elkarrekin pentsatzeko topaguneak sortzeari ekin genion. Haur Hezkuntzatik hasita, Lehen eta Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko irakasle eta zuzendaritzek hartu dugu oraingoz parte topagune  hauetan. Oso emaitza onak eman ditu orain arte elkarrekin egindako bideak eta horrek, norabide  berean lanean jarraitzeko indarra eman digu. 

 Segi  dezagun bada, amesten dugun kalitatezko Euskal Eskola Publikoa eraikitzen. Hori delako batzen gaituen bidea.