Mezu berezi bat jaso zuten LH4ko ikasleek pasa den astean. Alacanteko Maria Jesus Molina albaitariak ikerketa baterako Danio rerio arrainaren arrautzak bidaliko zizkigula zioen mezuak.
Ikasleak animalien proiektuan erabat murgilduta dauden unean iritsi da albistea. Segituan ikertzeari ekin diote. Nor da Danio rerio?  Nolakoak dira bere arrautzak? Nola hazten dira arrautzak? Eta ondoren? Nolako zaintza behar dute?
Asteartean iritsi ziren lehen arrautzak. Zientzialari babes-arropak jantzi, eta Sormen geLaben laborategia prestatuta zuten. Bertan arrautzak lupa mikroskopikoarekin ikusteko aukera izan dute eta guztiz gardenak direla konturatu dira. Bitartean arraintxo bakar batzuk jaio dira, eta besteak, noiz jaioko ote dira? Orain benetako zientzia egiteko ordua iritsi da, arrautzak tenperatura egokian mantentzeko modua bilatu beharko dute, hildakoak kendu, erregistro orri bat bete, eta ikusten dituzten aldaketei buruzko hipotesiak egin eta frogatu. Zenbat Danio rerio jaioko dira?
Informatuta izango zaituztegu.