KIROL ZIENTZIAK ETA ATLETISMOA

Atletismoari bultzada emateko asmoz, azkeneko asteetan, 5 eta 6. mailako ikasleek kirol zientzia eta atletismoa gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Horretarako, Itsasmendiko pistan, telemetriako tresna instalatu dugu abiadura neurtzeko. Tresna horrek, software bereziak lagunduta, hainbat datu ematen du, eta, gainera, zehaztasun handiz. Hain zuzen, abiadurak eta denborak milesimetan adierazten ditu.

6.mailako ikasleek, eguraldia lagun, asko gozatu dute, eta baten batek atletismorako duen gaitasuna ere azaldu du.

Lehen esan dudan bezala, zientziak  atletismoari egin diezaiokeen ekarpena ezagutzea zen jardunaldi hauen helburua, eta, bide batez, datorren ikasturterako kirol aukeraketa berria ezagutaraztea. Izan ere, Lizardi institutuan (Gurmendi kalea) atletismo taldea badago, eta, printzipioz, DBHkoentzat egina badago ere, 6.mailakoek ere parte har lezakete, betiere, Eskola Kiroleko ordutegiak errespetatuz gero.

Beraz, atletismoa probatu nahi izatera, klikatu jarraian dagoen estekan, eta informazioa ikusiko duzu.

Lizardi ATLETISMOA

Saioetan, 40m-ko tartea neurtu ondoren, fotozelula batzuen bitartez, abiadura gorena eta 40 m-ko tarte osoko denbora neurtu ditugu. Guztira, 4 fotozelula jarri ditugu, 3 eremu bereizteko, 20, 10 eta 10 m-koak, hurrenez hurren. Horrela, ikasleek jakin dezekete zein den beren abiadura gorena, eta noiz eskuratzen duten.

 Beroketa egin ondoren, proba bi aldiz egin dute, eta, saiakera bakoitza bukatu orduko, korrikaldian lortzen zuten abiadura (m/s) esaten zitzaien, bigarrego aldian hobetzen saia zitezen.

 Era berean, 5. mailakoek ekimen honetatik atera dituzten datuez grafika batzuk aztertu dituzte, eta matematika edota proiektuekin lotu ahal izan dituzte.