Gaur, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu.

Urtero bezala, eskolan hainbat ekintza egingo ditugu atzo hasi eta datozen egunotan zehar. Atzo arratsaldean eskolako irakasle guztiak ipuin kontalari bihurtu ginen, eta eskolako haur guztiek ipuin eder bana entzuteko aukera izan zuten. Batzuek geletan, beste batzuek jolastokian, hondar gunean, edo beste txoko goxoren batean entzun zituzten ipuinak. Urtero egiten dugun ekintza da hau, eta urterik urte arrakastatsua dela ziurta dezakegu.

Gaur, LH5 eta LH6ko ikasleak izango dira kontalari. Haur Hezkuntzako haurrei nahiz 1. eta 2. zikloko ikasleei kontatuko dizkiete ipuinak, talde txikitan. A ze luxua!

Horretaz gain, familiei ere gonbidapena luzatu dizuegu zuen seme-alaba, biloba edo ilobaren gelara ipuin edo kontakizunen bat kontatzera etortzeko. Oso aberasgarria eta ederra izan ohi den ekintza da hau ere. Beraz, ez egin zalantza eta anima zaitezte!