Gaur goizean ezusteko ederra hartu dute eskolako txikiek Olentzero eta Mari Domingi eskolara etorri direnean…a ze ilusioa!. Aurten ere, zailtasunak zailtasun, gure artera etortzeko ahalegina egin dute eta bihotzez eskertu diegu.

Lehen Hezkuntzan ere, egun berezia izan dugu Santo Tomas egun hau. Goizean zehar maila bakoitzak gabon kanta bat kantatu du patioan eta bideoz grabatu ditugu guztiak. Zer dela eta? Aurten, egoera berezia dela eta, pena handiz herriko zaharren egoitzara eta eguneko zentrora kantatzera ezin izan dugunez joan, kantuak grabatu eta bideo polit bat egingo diegu, Hartara, urtero bezala egoitzan bertan entzun eta ikusi ahal izango gaituzte.

Eta kantatzeaz gain, Santo Tomas eguna izanda, txistorra ere jatea tokatzen da. Horregatik, segurtasun neurri guztiak ondo betez, bakoitzak bere txistor ogitartekoa jan du.

Bukatzeko, egunari brotxea jartzeko, harrijasotze erakustaldi bat izango dugu frontoian. Izan ere, eskolako guraso den Jokin Eizmendi harrijasotzailea etorri zaigu eskolara.

Ikusten duzuenez, egun ederra pasaz hasi ditugu oporrak.

Ondo igaro opor egun hauek eta zaindu zuen buruak eta ingurukoenak!