Gaur, abenduak 3, euskararen nazioarteko eguna ospatzen dugu Euskal Herri osoan, eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Honetaz gain, gaur amaitzen da azaroa amaieran hasitako Euskaraldia ere.
Egun berezia eta garrantzitsua denez guretzat, gaur hainbat ekintza eta jarduera eginez ospatuko dugu eguna.
HHko ikasle eta irakasleek paretak apainduz girotu dute eskola, eta besteak beste, kantuan, dantzan eta altxorraren bila ibili dira. Gainera, goizean hamaiketako berezia egin dutela esan digute.
Lehen Hezkuntzakoek, eguna goizeko irratsaio bereziarekin hasi dute. Euskara Normalkuntzako ikasle ordezkari berriei elkarrizketa egin diegu eta ondoren euskal musika jarri dugu irratian. Ondoren, hainbat jarduera izan dituzte maila desberdinetan. 3. eta 4. mailakoak herri kiroletan aritu dira; zaharrenek gure hizkuntzari buruzko hausnarketa egiteko tartea izan dute; euskal disko-festan gorputzak astintzeko aukera ere izan dute txikiek goizean eta helduenek arratsaldean, eta euskarazko filmak ikusteko aprobetxatuko dute hainbat taldek.
Egunetik egunera gure eskola euskaldunagoa izatea dugu amets. Egin dezagun guztion artean ahalegina, mereziko du eta.