ZARAUZTIK ESKOLARA ETA ESKOLA ZARAUTZERA

Aurreko aste batean eskolako bigarren mailakoen berri eman genizuen.  Zarautzi buruz egiten ari diren lanketa benetan polita izaten ari denez, berriz ere hemen gatozkizue beraien lanaren berri ematera.

Zarauzko garai ezberdinak aztertzen ari dira eta aste honetan, Santa Maria la Real parrokian dagoen Zarauzko Arte eta Historia museoan izan dira. Bertan Historiaurrea, Metal Aroa, Erromatarren garaia eta Erdi Aroko aztarnak ikusi dituzte, eta garai hauei buruzko gauza asko ikasteko aukera izan dute Goizaneren azalpenei esker. Kristal azpian bertatik bertara aztarnak ikustean beldur pixkat ere pasa dutela adierazi digute ikasleek.

Horretaz gain, oso bisita bereziak ere izan ditugu eskolan eta pozarren gaude. Ostegunean, Pepe Mutiozabal “Pepe Txabillo” zarauztar ezaguna izan da eskolan.

Txabillok aurtengo San Pelaiotan Zarauzko herriaren omenaldia jaso zuen. Urte hauetan guztietan egindako  lana eskertzeko bere itxura duen erraldoi bat egin zitzaion eta aurrerantzean, herriko beste herraldoiekin batera ateratzen da festetan dantzara.

Txabillok kontatu digunez, 10 urte zituenean hasi zen buruhandiekin ibiltzen eta 17 urte zituenean erraldoiekin jarraitu zuen. Geroztik erraldoi eta buruhandien bidea festazaleen artean zabaltzen ibili izan da. Bere bizitzaz gain, erraldoiei buruzko bitxikeriak kontatu dizkigu, hala nola neurria, pisua, maskurien ezaugarriak, erraldoiak nola jantzi, eta beste hainbat xehetasun.

Ikasleak oso gustura egon dira berari galderak eginez, ea Zarautz nolakoa zen bera gazteagoa zenean, zer gauza egiten zituzten, nola aldatu den…

Ohore bat da guretzat Txabillo etorri izana, eskerrik asko bihotz-bihotzez!

Eta guk ere ezin aukera galdu esateko ESKOLAKO ATEAK IREKITA DAUDELA DENONTZAT  ETA GONBIDATUTA ZAUDETELA NAHI DUZUENEAN BERTARA ETORTZERA.