Aste honetan Eslovakiako Sliač herriko ikasle eta irakasle talde bat izan dugu gurean. Eslovakiako Základná škola A. Sládkoviča ikastetxea eta Orokietaren arteko harremana ez da berria, seigarren urtea da bi ikastetxeak elkarrekin lanean gabiltzala.

Astelehenean iritsi ziren Zarautzera eta astebetez LH6ko ikasleekin batera ekintzak egin dituzte. Ikasturtean zehar, uraren inguruan etwinning-eko proiektu bat elkarrekin burutu dute eta astean zehar gaiaren inguruan hainbat ekintza egin dituzte: hondartzara joan mikroplastikoen kutsadura aztertzera eta hauek jasotzera, eta urmaelera bisita.

Horrez gain, beste ekintza batzuk ere egin dituzte: Torreoiko altxorraren bila jolasa eta Donostiako Euskal Itsas Museora bisita. Eskolan, berriz, Zarauzko aurkezpen bideo bat sortu zuten elkarrekin, kroma teknika erabiliz.

Ikasleak eskolako familiekin egon dira eta haiekin ere ekintza ezberdinak egin dituzte. Surf ikastaro bat egitera ere ausartu ziren Eslovakiarrak! Larunbatean, ordea, etxerako bidea hartu zuten eta pena handiz agurtu genituen.

Ziur gaude inpresio ona jasoko zutela, gure ikasle-irakasleek jaso zutenaren antzera.
Eta bide batez aprobetxatu nahiko genuke eskertzeko ikasle hauek haien etxeetan hartu dituzten familiei, lan handia egin baitute. Eskerrik asko!