Ostiralean urmaela husten aritu ziren 5. mailako ikasleak Aranzadiko adituekin batera.

Abenduko Zientzia Astean, 5. mailako ikasleak, “Ekosistemak” gaiaren barruan,  Zarautz inguruko urak aztertzen aritu ziren: itsasoko ura, ibaiko ura eta urmaeleko ura. Uren kalitatea onargarria zela frogatu zuten Azterkostako materialari esker.

Urmaeleko ura aztertzean, baina, karramarro jaio berriak topatu zituzten. Aranzadikoei abisatu eta segituan esan zuten espezie inbaditzailea zela eta urmaeletik atera beharrak zeudela.

Bitarte horretan baso igel gorriaren errute bat ere aurkitu zuten irakasle batzuek urmaelean. Karramarroek arrautzak jango zituzten beldur, segituan zita egin zuten Aranzadikoekin, pasa den ostiralerako.

Goizean goiz hasi ziren urmaela husteko lanak. Filtro berezi bat zuen bonba batez lagunduta ura ateratzen jardun zuten hainbat orduz. Ura kendu ahala, karramarroak agerian geratu ziren basa artean eta gure ikasleek banaka atera zituzten tentuz salabardoarekin. Urmaeleko jarduera hau egiteko aurrez Aranzadiko Ane Fernandezen azalpenak jaso zituzten.

Karramarro gorria da bertan agertu den animalia inbaditzailea. Lan guztia egin arren, hemendik aurrera ere urmaela behatzerakoan adi egon beharko dugu berriro ere karramarro mota hau agertu ez dadin.

Aldi berean, zain zeuden ikasleek Uraren inguruko erakusketa bat ikusteko aukera izan zuten. Bertan, uraren garrantziaz hitz egin zien Aranzadiko Jon Garinek, eta uraren kontsumo jasangarriaz. Horrez gain, urmaeleko bizidunen berri eman zuen, bereziki odonatuen berri. Martxoatik ekainera bitartean, adi-adi izango ditugu ikasleak urmaelaren inguruan ea sorginorratzik eta burruntzirik aurkitzen dugun.